XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ken dezagun jarraian marrazkiaren gaineko paper hori eta beha dezagun marrazki osoa. Hiru aldiz azaltzen zaigu zoru baldosatua: behean zoru bezala, goian sabai bezala eta erdian zoru eta sabai bezala.

Ikus dezagun orain eskuineko dorrea. Goian dagoenaren eta behean dagoenaren arteko tentsioa bere gorengo puntura iristen da. Marrazkia erdibitzen duen lerrotik pixka bat gorexeago, leiho bat ikusten dugu dorrean, eta hurbil-hurbilean, aipaturiko lerro horren azpian bertan, leiho berak 180 graduko biraketa jasan duela ohartzen gara.

Hori dela kausa, ertzak osatzen duen angeluak ezaugarri bereziak erakusten ditu. Arriskurik gabe zeharkatu ezin den diagonal bat da, muga egiten duelako goian dagoenaren eta behean dagoenaren artean, zorua denaren eta sabaia denaren artean.

Zoruarekiko elkartzuta egotea uste duenak, aski du pauso bat ematea diagonalaz haruntzago sabaitik zintzilik dagoela konbentzitzeko. Escherrek ez zuen esplizituki aditzera eman hau, baina iradoki bai iradoki zuen, leihoen bitartez.

Marrazkiaren erdialdean, beste aurkikuntza batzuk ere egin ditzakegu, eta aski interesgarriak gainera. Saia zaitez eskaileretan behera dorreko atera jaisten. Atalasea zeharkatuz gero, dorrearen muturrean zaude. Aurkikuntza honen ondotik, edonor, dudarik gabe, itzuli eta eskaileretan behera abiatuko litzateke.

Baina, zer gertatzen da dorrearen gorengo leihotik begira jarriz gero? Marrazkiaren behealdean kokaturik dauden etxeen sabaiak ikusiko genituzke, edo plaza, marrazkiaren zati honetan eserita dagoen mutil gazteak ikusten duen bezalaxe? Goian ala behean ote gaude?

Baina ezkerraldean ere, mutila eserita dagoen eskailera horretan, badago puntu bat eta horretatik eszena behatzen jarriz gero, zorabiatzekoa da zinez. Marrazkiaren erdian dagoen zoru baldosatura ez ezik, lehen planoko zoru baldosatura ere begira daiteke.

Sabaitik zintzilik ala eskailera gainean ote gaude? Eta zer sentituko ote du goiko erdian dagoen gazteak, eskailerako eskudelari heldu eta eskaileretan behera begira jarrita, bere irudia berari so dagoela ikusten duenean? Marrazkiaren goiko erdiaren leihoan dagoen neskatxak ikus al dezake beheko erdian dagoen mutila?

Agerian denez, ustekabez beteriko marrazkia da. Goiko erdiaren zatia ez da inola ere beheko erdiaren irudi alderantzikatua.

Gauza bakoitza bere lekuan dago.